NARRATIVA DIGITAL-ESQUEMA
ESQUEMA
Haur Hezkuntzako bigarren mailako disziplinarteko lanerako bideoa osatzeko eskema aurkezten dugu hemen. Bideoaren osaketa egiten hastean gauzak alda daitezkeela jakinarazten dugu, baina egingo dugun guztia oinarri honetatik abiatua izango da.
Bideoan irudi eta kontakizun ezberdinen bitartez landuko den aniztasuna gorputz aniztasuna izango da.
SARRERA
Stop-motionen bitartez taldearen sarrera egingo da (kortoaren izenburua jarri), bideoari hasiera emanez.
ALDERDI BISUALA
Ikusizko alderdiari dagokionean, bideo sail bat aurkeztuko da. Bideo multzo horretan, pertsona ezberdinen aurpegiko eta gorputzeko atalak agertuko dira (begiak, ahoa, sudurra, eskuak etab.). Bideo hauetan parte hartuko duten pertsonak, fisikoki anitzak izango dira. Hots, pertsona arrazializatuak, helduak, gazteak etab. irudikatzea da helburua, aniztasun hori ikus dadin.
Atal honen bitartez, pertsona bakoitzaren ezaugarri fisikoei erreparatuko diegu, horien artean gorputza edo gorputz atalak. Atal hau, entzunezko alderdian kontatzen denarekin lotuta joango da.
ENTZUNEZKO ALDERDIA
Alderdi honi dagokionean, pertsona baten ahotsa entzutea aurreikusten da, errimadun istorio bat kontatzen. Istorio honetan, ahotsak gorputzen inguruko hausnarketara bideratutako galderak luzatuko ditu, amaierako hausnarketatxo batekin erantzunak lortzeko lehen urratsak emanez.
Ahotsa jarriko diogun testu honen helburua ikus-entzuleak hausnarketa batera bideratzea izango da. Aipatu bezala, amaieran hausnarketa hori borobiltzeko asmotan zenbait esaldi edo hitz gako aipatuko dira.
IRAKURRIKO DEN TESTUA:
BARRUKO AZALAK
Gaur goizean atzoko galdera berarekin esnatu naiz:
Zer da pertsona izatea?
Jantziko nuena erabakitzen ari nintzenean, ez naiz gustura sentitu nire gorputzarekin. Azkenean edozein arropa aukeratu, prestatu eta kalera atera naiz.
----
Ezer egiten hasi aurretik, etxe azpiko kafetegian gosaltzea erabaki dut.
Bertan, entzuten ez duten belarriak daude.
Azokara begira nagoela,
bapatean alde batetik bestera ikusi dut
sudur handi eta beltza.
Txakurra paseatzera atera denak
belarri txiki eta zuriak ditu
eta aurikular inalanbrikoak daramatza.
Herriko dendatik atera denak
erosketaren poltsa zintzilik duenak
gorri eta estu du behatza.
Kafearen azken urrupa
sentitu dut garratza.
----
Kafetegitik atera bezain laster, belar dendara abiatu naiz.
Kalean noala, hitz egiten ez dakien ahoa dago.
Zer da pertsona, ez bada itxura?
Dio kalean norbaitek.
Guztion itxura izaerarekin lotua dagoela
pentsatuko dute hainbatek.
Baina ez!
Zereal integralen paketea hartzen ari nintzela
galderez josi naute gogoetek.
----
Belar dendatik zuzenean udaletxera abiatu naiz eta martxoak 8ko kartel zaharkitu bati begiratu diot.
Bertan, ikusten ez duten begiak daude.
Zer da gorputza ez bada ezagutza?
Zer da gorputza ez bada askatasuna?
Zer da gorputza ez bada artea?
Eta zergatik bihurtu dugu gorputza
gure bizitzaren katea?
Kartelari begira malkoa jausi zait
hori da nahigabea.
----
Negar malkoei ezin eutsiz etxera itzuli naiz ia lasterka.
Etxean, ukitzen ez dakiten eskuak daude.
Arropak eranzten hasi naiz eta
ez naiz gustura sentitu nire gorputzarekin.
Ez naiz gustura sentitu
nire soinean daramadan artearekin.
Ez naiz gustura sentitu
ustez maite nauen, baina beti politagoa bihur nadin
nahi duen pertsonarekin.
Guztiz biluztu eta dutxako txorrotara hurreratu naiz.
----
Eta orain, ez dakit munduaren amaierara, hala amildegiaren hasierara iritsi naizen.
Proposatzen dugun bideo labur honetan, alderdi bisuala eta entzunezkoa independenteki adierazi ditugun arren, noski hauen arteko kohesioa lortzeko asmoa dago. Transmititu nahi dena zera da: gorputz anitzak egotea aberastasun bat dela noski, eta horren inguruko kontzientzia garatuko duten lehen zantzuak eskaintzea bideoaren bitartez.


Comentarios
Publicar un comentario